XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

9. EMAIOK ZAKURRARI HEZURRA, ETA EMAZTEARI GEZURRA * GARATE, G., Esku leuna Donostia A.K.P. 1978,11-12 orr..

Antiguako eliza jendez gainezka zegoen, gutxitan bezala.

Ez zen harritzekoa, Errosario Iruarrizaga, Tomas Sarasketaren alarguna, oso ezaguna bait zen Donostia osoan.

Jon Bidart detektibeak ongi gogoan zeukan hil berria.

Emakume luze, ile zuridun bat zen, ongi egina, mehantza eta osasuntsua.

Adinean aurreratua izan arren, soinez zauli eta gordina.

Haren hankaje eder eta ibilera bizkorra! Aspertzeke, heriotzako ordurarte lanean ari izandako emakumea zen hura!.

Garai batetan bikaintasunik ere ez omen zitzaion falta.

Gero, ordea, gaitzak jota, aurpegia zarpuiloz bete zitzaion.

Hari begiratu eta jendeak nahiko lan izaten zuen higuin keinuei eusten.

Baina Errosariorekin alditxo bat hitz eginez gero, laster geldituko zinen zorabiatuta haren izaera bero eta indartsuaz.

Andere diruduna eta elizkoia zen.

Ez zen Donostian emakume haren bihotz on eta eskuzabala ezagutu ez zuen kofradi, errukietxe edo ongile-elkartasunik.

Ez dakit zenbat elkartek zeukaten aukeratuta lehenburu.

Heriotza belun-ezbehartsua gertatu zitzaion Errosariori ordea.

Baratzean zehar bakarrik ibiltzeko ohitura zeukan.

Bere 73 urterekin arin ibiltzen zen hara-hona, mintegiak ikusi, loreak ureztatu eta txoriei hartarako eginak zeuzkan askatxoetan jana ipintzen.

Baratzeko goialdean urmael polit bat zegoen, lorez inguratuta.

Lore horiek ureztatzen ari zela, irristatu, urmaelera erori eta ito egin zen.

Ezbehar honek donostiarren bihotzondoa biziro ukitu zuen.

Baina Errosario zenaren hiletara bildu zen jendetza ez zen emakumearen oroimen hutsez etorri.

Tomas Sarasketa bere senar zena, urte batzu lehenago Filipenetan hila, garai batetan oso ezaguna izan bait zen Donostian.

Eta hantxe bertan, argiz jantzitako eliza hartan, han zegoen Iker bere seme zaharrena, Donostiako notari entzutetsua, hiri hartako diruaren gorabeherak inork baino hobeki ezagutzen zituena.

Eta bolo bolo zabalduak zeuden marmarketak sinesten baditugu... diru-arazoak ezagutze soilez asetzen ez zena....

Bere ondoan eserita, elizako lehenbiziko eserlekuan, Julen zegoen, bere anaia gaztea, burni arazoetan Euskal Herri osoan aipatuenetako bat.

Bere lantegiak Bilbotik hasi eta Tuteraraino sakabanatuak zeuden.

Lore Orgamendi, Ikerren emaztea, Eibarkoa zen.

Orgamenditarrek Eibarren eskopeta lantegi ospatsuenetako bat dute gaur egunean ere.

Eta Lambretta olategian, berriz, diru-akzioen erdia ere berarena omen da, zurrumurruek diotenez.

Julen Sarasketa Emiliana Sorozabalekin ezkonduta zegoen.

Andere hau azken garaiotan diruz nahiko murrizturik eta estu zebilen (...).